2025-01-31
EGURALDIA
2025/01/31

Gaur eguraldiak egonkortzera egingo du. Goizean zerua lainotuta egongo da, bereziki Kantauri isurialdean eta oraindik euri apur bat egingo du, batez ere ipar-ekialdean. Arratsaldean atertuko du eta ostarte politak zabalduko dira. Hegoaldean goizean bertan jasoko du eta giroa argi samarra izango da. Iparraldeko haizeak indarra galduko du, baina kostaldetik gertu oraindik enbarazu egingo du goizean eta Ebro ibarrean ziertzoa harro ibiliko da. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez.
2025/02/01

Giro motela izango dugu. Zerua lainotuta egongo da eta noizean behin euria egingo du, bereziki goizean eta ipar partean. Arratsaldean hodei-geruza ez da horren trinkoa izango eta eguraldiak atertzeko joera hartuko du. Iluntze aldera ostarteak zabalduko dira. Tenperaturak berdin jarraituko du, barnealdeko zenbait tokitan izotza egin dezake eta egunez, iparraldeko haizeak, tenperaturaren igoera oztopatuko du.
2025/02/02

Iganderako ez dugu aldaketa nabarmenik espero behar. Giro motel samarra izango dugu eta noizean behin euri apur bat egingo du. Eguerdi aldera eta arratsaldean hodei geruza trinkoagoa izango da eta orduan euria egingo du, bereziki kostaldean. Hegoaldean ateri eutsiko dio eta hodeiak urdinguneekin tartekatuko dira. Haizea hego-ekialdetik sartuko da hasieran, baina ipar-mendebaldera egingo du eta kostaldean eta arratsaldean bolada zakarrak izango dira. Tenperaturan aldaketarik ez. Arabako eta Nafarroako zenbait txokotan izotza egingo du.
2025-01-17
EGURALDIA

Gaur giro eguzkitsua nagusituko da. Goizean goiz lainogune batzuk agertuko dira baina, gainerakoan, eguzkia izango da jaun eta jabe. Haizeak hego/hego-ekialdetik joko du, nahiko suabe, eta horri esker, tenperatura maximoak igo egingo dira ipar isurialdean. Mediterraneo isurialdean, aldiz, antzekoak izango dira.
2025/01/18

Larunbatean ildo beretik jarraituko dugu. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi agertuko da orokorrean; goizean goiz behe-lainoa ager daiteke eta arratsaldetik aurrera ekialdetik erdi mailako hodei batzuk sartuko dira. Goizean goiz izotza egingo du barnealdeko leku askotan, eta Araba eta Nafarroan izotz handia bota dezake. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik izango. Haizea ahul ibiliko da; hegoaldekoa izango da hasieran eta aldakorra arratsaldean.
2025/01/19

Giro lehor eta egonkorrak jarraipena izango du igandean. Erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertuko dira eta baina zeruari kolore zurixka emango diote soilik. Izotza egingo du, baina aurreko egunean baino leku gutxiagotan eta intentsitate txikiagoz, eta tenperatura maximoek antzera jarraituko dute. Hegoaldeko haize suabea ibiliko da; egunaren amaieran hego-haizea indartu egingo da, eta kostaldean nabarituko da batez ere.