ZELAIETA TELEBISTA 134.SAIOA
2025-05-23
EGURALDIA
2025/05/23

Egunsenti goibel eta umelaren ostean, arratsaldean argitzera egingo du. Goizean behe-hodeiak nagusituko dira eta ez da baztertzen euri txikia edo zirimiri pixka bat egitea, batez ere Kantauri isurialdean. Arratsaldean, ordea, atertu eta hodeitza saretzen hasiko da; ostarte zabalak ikusiko ditugu leku askotan eta hegoaldean eguzkitsu egongo da. Tenperatura maximoak 17-20 ºC artekoak izango dira eta ipar-mendebaldeko haize fina ibiliko da, batez ere arratsaldean eta barnealdean, bereziki Nafarroan.
2025/05/24

Larunbatean itxura polita hartuko du eguraldiak eta tenperaturak apur bat gora egingo du. Goizaldean behe-lainoa sor daiteke eta Kantauri isurialdeko hainbat bailaratan behe-hodei dezenterekin esnatuko da eguna, batez ere ekialdean. Alabaina, goizean hodeitza saretuz joango da, eguzkitsu gelditu arte. Haizea ahul ibiliko da eta eguerditik aurrera ipar ukitua hartuko du. Tenperatura maximoak 18-22 ºC artekoak izango dira.
2025/05/25

Goizean udaberriko giro dotorea, arratsaldeak aurrera egin ahala hodeiak ugarituz. Egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, eguzkitsu egongo da, goi-hodeien zertzelada batzuekin. Arratsaldean, ordea, ipar-mendebaldeko haizearekin hodeitza sartuz joango da mendebaldetik eta iluntzerako zerua lainotuta geldituko da; baliteke zaparradaren bat botatzea. Tenperatura maximoak, oro har, 18-22 ºC artekoak izango dira eta Ebro ibarrean zertxobait altuagoak.