2025-11-21
Ostiralean denboralea unerik gorenera iritsiko da. Prezipitazioa ugaria izango da ipar partean eta hegoaldera tartekatuagoak iritsiko dira. Arratsaldetik aurrera atertzen hasiko da. Egunaren lehen partean ekaitzak jo dezake oraindik Kantauri aldean. Elur-kota 400-500 m inguruan ibiliko da, beherago zuritu dezake ere ekialdean. Arratsaldean zehar gero eta gorago egingo du. Tenperatura hotza izango da, maximoak 10 °C-tik beherakoak oro har, eta izotza egingo du barnealdean. Haizeak indarra galduko du egunaren amaieran.
2025-11-22
Larunbatean eguraldia lasaitu egingo da nabarmen. Oraindik zaparrada txiki batzuk bota ditzake goizaldean, eta elur-kota 800 m inguruan ibiliko da. Baina arratsaldeko azken orduetara arte itxaron beharko da euria berriro ere ikusteko. Euri txikia izango da baina etengabe egin dezake, hori bai, jada elur-kota 1.500 metrotik gorakoa izango da. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da eta azken orduetan zakartu egingo da kostaldean. Tenperatura minimoak jaitsi egingo dira eta izotza toki askotan botako du; maximoak pixka bat igoko dira, baina ez da nahikoa izango hotz sentsazioa baztertzeko.
2025-11-23
Tenperaturak gorantz jarraituko du igandean, eta maximoak 15-16 ºC-ra iritsiko dira kostaldetik gertu, hegoaldeko haizeari esker. Minimoek ere gora egingo dute eta izotza toki gutxiagotan egingo du. Goizaldean eta gauean euri txikia egin dezake, baina gainerako orduetan ateri eutsiko dio, nahiz eta lainotuta egon.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Idatzi hemen zure iritzia